XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egiaren unea iritsi zenean, txirrinak jo zuen eta harrizkoa banintz bezala gelditu nintzen, ez bata eta ez bestea egiteko ez nintzen gai.

Mila aldiz liburuak bildu eta berriz atera nituen, baina ez nintzen Silviari begiratzera, eta egoerari aurre egitera ausartzen.

Nire espekulazio guztiak alferrikakoak izan ziren, zeren erreakzionatzeko denbora izan eta behin betiko erabakia hartu baino lehen, Silvia alboan neukan irteteko prest.

- Aizak, Roberto zertan ari haiz? Zergatik atzeratu haiz hainbeste gauzak biltzen? Bizkor ibil hadi, hemendik bost minututara pasatuko duk autobusa eta ihes egingo ziguk! Aizak, ez al didak entzuten?

Lehen aldiz sumatu nituen bihotzaren taupadak kamera geldian eta ospitaleetako aparatu horietako bati konektatu izan banindute lurrikararena bezalako marrazki bat aterako zen sentsazioa izan nuen.

Ezin imajinatu ere egin nolako aurpegia jarri nuen. Ziur nago erdi-leloaren itxura neukala. Azkenean, Daniel hurbildu zitzaidan. Ez dakit nondik irten zen ere. Beti bezala, fantasma baten gisara azaldu zen.

- Aizak, ez al diok entzun? Hoa, bizkor, autobusak ihes egingo baitik! Uztak hori neuk bilduko diat eta.

Gogoan dut Silviak hurbildu eta besotik heldu zidala.